ALEMANIAKKO JUSTIZIAK BILUZIK UTZI DU ESPAINIAKO EPAITEGI GORENA

Alemaniakko justiziak Puigdemonten kasuari buruz hartu duen erabakiak hankaz gora jarri du Llarena epailearen estrategia guztia eta kolokan jartzen du matxinada salaketa, zeina bakarrik ikusten duten goitik behera politizatuta dauden epaitegiek, alegia, Entzutegi Nazionalak eta Epaitegi Gorenak.

Duela hiru hilabete, Carles Puigdemont Alemaniako A7 autobidean atxilotu zutenean, Shuby eta Jagel herrien artean, haren estradizioaren gaineko erabakia epaitegi baten esku geratu zen. Legez zegokiona. Hurbilena. Alemaniako eskualde federatu hura gobernatzen duena. Schleswig-Holstein-ekoa, handik ordu erdi eskasera.

Puigdemont autobide horretan bertan ordu bat lehenago edo ordu bat geroago atxilotu balute, beste epaitegi batek eta beste epaile batzuek erabaki beharko zuten. Zeren Alemanian –eta, ustez, Espainian ere bai– funtsezko printzipio juridiko batek agintzen baitu: epaile naturalerako eskubidea. Akusatu oro legez ezarrita dagoen epaitegiak epaitu behar duela, tokatzen denak, eta ez Gobernuak edo erregeak nahiago duenak. Oinarrizko giza eskubidea da, bistako abusuak eragozteko balio duena. Epaiketa justu baterako oinarrizko printzipioetako bat da. Baina independentismoaren kasuan, ez dirudi Espainiako sistema judizialak epeitegi justua bermatzen duenik.

Espainian ere Konstituzioak jasotzen du epaile naturalerako eskubidea.

24.2 artikulua: “legeak lehendik izendaturiko epaile arruntengana jotzeko eskubidea”. Baina hori kontraesanean dago batere arrunta ez den epaitegi baten esistentziarekin, hots, Entzutegi Nazionalarekin, parekorik ez duena Europako justizian eta erabaki garrantzitsuenak hartzen dituena.

Entzutegi Nazionalean instrukzioko sei epaitegi zentral besterik ez dago. Sei epaile bakarrik, herrialdeko auzi delikatuenak ebazteko.Sei baino ez izateak argi esan nahi du independentziaren bermerik ez dagoela. Boterearentzako bermea da, zeren errazagoa baita sei epaile presionatzea, sei epaileren aulkiak mugitzea, sei epaile sustatzea edo zigortzea, ezen ez herrialdeko ehunka epaile arrunt kontrolatzea.

Beste auzi garrantzitsuen artean, Estatuaren mailakoak –hala nola terrorismoa, ‘txiolari arriskutsuak’ edo ustelkeria-delitu handien kontrako borroka–, Entzutegi Nazionalaren eskumena da halaber estradizioak erabakitzea. Alderantziz izan balitz, eta Alemaniako justiziaren iheslari bat atxilotu balute A6 autobideko 180 km-an, Entzutegi Nazionaleko epaile batek, eta ez Tordesillaseko batek, ebatziko zuen Alemaniara estraditatzea edo hemen geratzea.

Zer gertatuko zen Puigdemonten estradizioaren gaineko erabakia hartu balu Entzutegi Nazional aleman batek, Angela Merkelek hura presionatzeko bitartekoak edukita? Ez dakigu. Baina litekeena da gertatu berri denaz beste zer edo zer izatea.

Alemaniakko justiziak Puigdemonten estradizioari buruz hartu duen erabakiak Epaitegi Gorena biluzik uzten du eta, hedaduraz, baita Espainiako sistema judiziala ere.

Schleswig-Holstein-eko epaitegiak ez du inondik inora ikusten delako matxinada delitu hori, altxamendu armatu eta biolentoa behar duena, ez baitzen holakorik egon. Epaitegi honen epaiak hankaz gora ipintzen du Pablo Llarena epailearen estrategia, haren instrukzio osoa, eta kolokan jartzen du akusazio neurriz kanpoko bat, matxinadari buruzkoa, zeina Europa osoan bakarrik ikusten duten goitik behera politizatuta dauden epaitegiek, alegia, Entzutegi Nazionalak eta Epaitegi Gorenak

Gorenean gertatu dena hobeto ulertzen da behin ezagutuz gero epaitegi horretako epaileak aukeratzeko sistema. Gorenera iristen da CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagudiko bokalek zuzenean erabakita, inolako merezimendu-lehiaketa barik. Eta, era berean, CGPJko 20 bokalak nahierara aukeratzen dira, Senatuko eta Kongresuko gehiengoen arabera zuzenean. Hau da, aspaldi handian, Epaitegi Gorenera iristeko CGPJko gehiengo kontserbadorearen babesa behar da, zeina PPk nahierara izendatzen baitu. Haren bedeinkapenaz. Europako ia herrialde bakarra gara Goreneko epaileak horrela aukeratzen dituena, kasik batere politikoaren eskutik zuzenean, merezimendu edo esperientziari muzin eginda, Europako Kontseiluak behin baino gehiagotan kritikatu izan duen moduan.

Pablo Llarena epailea, adibidez. 2016an heldu zen Gorenera, APM elkarte judizial kontserbadorearen presidentea eta bozeramalea izan ondoren; PPk nahierara izendaturiko bokalen botoei esker igo zen Gorenera. Urteak zeramatzan instrukziorik bideratu gabe.

Eskumen-auzia

Independentismoaren kontrako prozesu penal guztiaren abusu argienetako bat hemen datza: zein epaile dira erabakitzen ari direnak independentistak errudunak diren ala ez.Teorian, Espainian probintzietako entzutegiei dagokie matxinada eta sedizio delituen gaineko eskumena, ez Entzutegi Nazionalari. Irizpide hori erabili zuten Baltasar Garzón frankismoaren krimenak ikertzen saiatu zenean –Gorenak esan zion matxinada ez zela haren eskumenekoa– edo aire-kontrolatzaileak sedizioagatik prozesatu zituztenean –bakoitzaren aireportutik gertuen zegoen probintziako entzutegian epaitu zituzten, ez Entzutegi Nazionalean–. Baina independentismo katalanarekin, Fiskaltzaren eta epaitegien irizpidea aldatu zen, eta Bartzelonako Probintzia Entzutegitik Entzutegi Nazionalera pasa zen, magiaz bezala.

Ikaragarriagoa izan zen Epaitegi Gorenak dantza horretan egin zuen sarrerako aldaketa. Teorian, forudun autonomikoak erkidego bakoitzeko epaitegi gorenak epaitu behar ditu. Puigdemonten edo Junquerasen kasuan, Kataluniako Justizia Epaitegi Gorena tokatzen zitzaien, eta ez Epaitegi Gorena, zeina forudun ez-autonomikoez soilik arduratzen baita. Baina epaile naturalerako eskubidea, Espainian, honelakoa da.

Kasua Gorenera pasatzeko erabili zuten arrazoibidea zera zen, ustezko delituek espainiar guztiei eragiten ziela, ez katalanei bakarrik.

Eta egia da, baina berdin gertatzen da beste hainbat deliturekin, eta hala eta guztiz ere ez dute epailea aldatzen. Benetako arrazoia –azaldu ez zutena– hauxe da: erkidegoetako epaitegi gorenak erkidegoetako parlamentuen aukeratzen dituzte, partez. Eta, noski, Puigdemont eta gainerakoak aurrez aurre aurkituko ziren Kataluniako Justizia Epaitegi Gorenean haien alderdiek bultzaturiko epaileekin. Alegia, Espainiako justizia hain politizatua dagoen horretan beste forudun askorekin gertatzen den bezalaxe.

P.D. Aukerarik ba al dago Juan Carlos Borboikoa ikertua izateko, Corinna zu Sayn-Wittgenstein haren adiskide ohi minak errege izandakoaren negozioei buruz eta Suitzan gorderik duen ondareaz eginiko errebelazioen ondoren? Bai, baliteke. Hala gertatuko litzateke zantzu horiek berek herritar arrunt bat zipriztinduko balute. Estatuburu gisa dimisioa eman zuenetik, errege ohiak bere bortxaezintasuna galdu du, eta beste edonork bezala bete behar ditu legeak. Diferentzia batekin: foruduna da. Beraz, Epaitegi Gorenak eta gehiengo parlamentarioek nahieran izendatutako bokalek aukeratutako epaileek baino ezin dute epaitu.

Eta Borboikoa judizialki ikertzeko erabakia epaile arrunt baten esku balego, inongo mesede politikorik jaso ez duen baten esku alegia, Castro epailea kasu? Bada, beste kupeleko sagardoa izango litzateke.

Ignacio Escolar kazetaria da, eldiario.es egunkariko zuzendaria, escolar.net -en egilea eta analista politikoa La Sexta katean. Informazio gehiago: www.escolar.net/about

Iturri originala (eldiario.es – 12/07/2018)

Facebooktwittergoogle_plusredditlinkedintumblr

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*