BER EMMERSON-EK JORDIEN ETA JUNQUERASEN ESPETXEALDIA NBERAINO ERAMATEKO

Ben Emmerson by Colombo Gazette15 arrazoi, Ber Emmerson-ek Jordien eta Junquerasen espetxealdia NBEraino eramateko

Haren espezialitatea dira giza eskubideei buruzko lege europarrak, nazioarteko zuzenbide publikoa eta nazioarteko zuzenbide penala

Ben Emmerson-en titulua QC da (Queens Counsel, Erreginaren Abokatua). Horrek adierazten du maila goreneko abokatua dela, jurista britaniarren cursus honorum mailan. Emmerson figura nabarmen bat da Matrix Chambers, nazioarteko bulegoan, alegia, labur esanda. kausen alde diharduen abokatu-taldean, bera izan baitzen sortzaileetariko bat. Haren espezialitatea dira giza eskubideei buruzko lege europarrak, nazioarteko zuzenbide publikoa eta nazioarteko zuzenbide penala.

Espainiak NBEn duen enbaxadore berriak, Jorge Moragas-ek, badu lanik. NBEn oso ongi ezagutzen dute Emmerson. Haren karrera ez da txantxetakoa.. 2011 eta 2017 artean, terrorismoari eta giza eskubideei buruzko NBEko errelatore berezia izan zen. 25 urteko esperientzia du nazioarteko auzitegietan auzitan: Nazioarteko Justizia Auzitegia, Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Europako Justizia Auzitegia, Nazioarteko Auzitegi Penala eta Jugoslavia ohirako eta Ruandarako Nazioarteko Auzitegi Penala.

Hona hemen hautatutako hamabost esaldi, ostegun honetan, Londresen, NBEko Atxiloketa Arbitrarioen Batzordean aurkeztu duen demandaren aurkezpenetik aukeratuak.

1) Junqueras, Cuixart eta Sànchezen atxiloketa eta espetxeratzea giza eskubideen kontrako bidegabekeria da. Erabakiaren helburua da eragoztea Kataluniako herriaren ordezkari gisa jardun dezaten (…). Ez dauka tokirik, inondik inora, nazioarteko legediaren estandarretan. NBEko Atxiloketa Arbitrarioen Batzordeari eskatu diogu bere gain har dezala eta eskura dituen baliabide guztiak erabil ditzala haien askatasuna lortzeko.” 


2) “Gure demandan diogu Junqueras, Cuixart eta Sànchezen espetxeratzeak
haien elkartzeko askatasuna eta adierazpen askatasuna urratzen dituela, bai eta iritzi politikoa emateko eskubidea eta bizitza publikoan parte hartzekoa ere, eta diskriminatu egiten dituela herri katalanaren autodeterminaziorako eskubidearen alde jartzeagatik.”

3) “Haien aurkako salaketak ez datoz bat, alderdi batzuetan, nazioarteko estandarretan epaiketa justutzat har daitekeenarekin… Zuzenbidean adituak [espainiarrak] diren ehunetik gora pertsonak jendaurrean berretsi dute salaketa horiek funsgabeak direla, gertakarien argitan ez baitago indarkeriazko elementurik. Salaketa politiko hutsak dira. Labur esanda: atxiloketa politiko arbitrario klasikoa da.”

4) “Kasu honek ez dio NBEri eskatzen erabaki dezala Kataluniako independentziari buruz. Kasu honek bilatzen du NBEk sendotu dezala bere doktrina politikoa, zeinak debekatzen baitie gobernuei disidentzia politikoaren aurka egitea bere arerioak arbitrarioki atxilotuz.”

5) “Espainiako Gobernuaren jokamoldea aurrekari arriskutsua da, mundu osoan protesta baketsuak eta oposizio politikoa egiteko eskubideen aurka.”

6) “Agintari espainiarrek jokaera diktatorialak erabiltzen dituzte, aurkari politikoak atxilotuz eta haien askatasuna ukatuz, horren bidez beren konbikzio eta funtzio politikoak baztertu ditzaten. Onartu ezin den funtsezko eskubideen urraketa da.” 

7) “Pentsa ezazue Erresuma Batuak Eskoziako Alderdi Nazionalistako buruzagiak atxilotzen dituela Eskoziaren independentzia bultzatzeagatik. Bada, horixe da hemen [Espainian] gertatzen ari dena.” 

8) “Demokraziaren zutabeetako bat da -nazioarteko komunitateak hala ulertzen baitu- iritzi politikoen aniztasunari bere espazioa lagatzea, eta aldaketa politikoetarako aukerei ateak zabaltzea, nahiz eta [aldaketa horiek] herritarren gogokoak ez izan, gobernuko gehiengoaren aurka egon, edo jendearen gehiengoaren iritziarekin bat ez etorri (eta hau ez da kasua, halere).” 

9) “Estatuaren makinaria erabiltzea jendea espetxeratzearekin beldurtzeko, edo [aditzera ematea] prozesu penalak gainetik kenduko dituztela uko egiten badiete bere ideia politikoei, larderiaz jokatzea da pluraltasun demokratikoaren aurka (…) eta Espainiako iraganeko denbora batera garamatza, askok gainditutzat ematen genuena.” 

10) “Zure aurkari politikoak atxilotuz, demokraziaren zutabeak higatzen dituzu.” 

11) “Joaquim Forn-en kasuak argiro erakusten ditu deskribatu berri ditugun arazoetako asko. Oso zaila da ideia politikoengatik atxilotua izan den edozein pertsonarentzat erabakitzea zer urrats eman ditzakeen askatasuna lortzeko. Sobera informatu da Forn jaunak deklaratu duela bere posizio politikoa utzi eta uko egiten diola diputatu-aktari. Atxiloketaren larderiazko efektuak ondorioak ditu (…). Baiki, haren erabaki pertsonala da (…). Baina guk defendatzen ditugun hiru bezeroek, ordea, berretsi dute beren kausaren aldeko konpromisoa, batez ere adierazpen-askatasunaren aldeko kausarekin.” 

12) “NBEn aurkezten dugu helegite hau lehenengo urratsa besterik ez da, independentismo katalaneko buruzagien ordezkari gisa daramagun nazioarteko estrategian. Egoki ikusten dugunean, urrats gehiago egingo ditugu. Prozesuak Espainian amaitzen direnean, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ahal izango dugu, zeina loteslea baita Espainiarentzat. Baina espero dugu NBEren adierazpen argi batek -batzordearen babesaz ez ezik, Giza Eskubideetarako Goi-mailako Komisionatuaren babesaz ere bideratua- nahikoa presioa jarriko duela Espainiako agintari politikoen gainean, bai eta agintari judizialen gainean ere, (…) halako moldez non, beren esku dituzten botereak erabilita, libre utz ditzaten gizon hauek, beren jarduera politikoak egiten jarraitzeko -jarduera politiko baketsuak, azpimarratu nahi nuke-.” 

13) “Independentziaren kausak urteak daramatza bizi-bizi. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira ere iritsi da, hura baita jurisdikzio eskuduna. Urte hauetan guztietan, auzitegi katalanek ez dute inoiz ere onartu matxinada eta sedizio salaketarik, zeren haien ustez, gure ustez bezala, delitu horiek bideraezinak baitira, indarkeria erabili dela erakutsi behar baita, eta mugimendu honek ez du inoiz horrelakorik praktikatu. Kritikagarria da [independentismoa], baina ezin da esan biolentoa dela. Horixe esan dute zuzenbideko irakasle eta epaile zenbaitek (…) Zergatik esaten da orain gertakariok matxinada eta sedizioa direla? Delitu horiek direlako [Jordiak eta Junqueras] atxilotzea justifikatzen duten bakarrak. Desobedientzia [leporatuko baliete] ezingo lituzkete espetxeratu.” 

14) “Ez da egia, inondik inora, sedizio eta matxinada delituak jasota daudela Europako beste demokrazia batzuetan, kasu honetan aplikatu diren moduan (…) indarkeriarik gabeko jardueren gainean. (…) Hau ezingo litzateke gertatu beste herrialde batzuetan. (…) Espainiako botere judizialak bidegabeki jokatzen du nazioarteko legediaren ikuspuntutik.” 

15) “Gakoa zera da, ezin duzula espetxea erabili, ez Espainiako legearen babesaz ez eta Konstituzioaren babesaz ere, diskurtso politiko bakezale bat deuseztatzeko. Printzipio unibertsala da. Harrigarria da hau eztabaidatzen ibili behar izatea, zeren honetxek bereizten baititu demokraziak eta diktadurak mundu osoan, duela hamarkada batzuez geroztik. Eta, guztiarekin ere, Espainia horrela jokatzen ari da; alegia, atentatu bat da elkartzeko eskubidearen aurka, adierazpen-askatasunaren aurka eta ekintza politiko baketsuaren aurka. Funtsezko printzipioa da: demokraziak onartzen ditu disidentzia ez-biolentoa eta oposizio baketsua.”

Deskargatu pdf Iturri originala

Facebooktwittergoogle_plusredditlinkedintumblr

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*