EPAILE JAUNA, ZUK PRESO POLITIKO BILAKATU NAUZU

Jordi Turull. Presidentziako kontseilaria, Estremerako kartzelatik

Kartzelan zerbait baldin baduzu, hori denbora da.

27 egun hauetan, orriz orri irakurri ditut instrukzio honetako dokumentu guztiak. Den-denak. Eta atera dudan ondorioa da prozesu honek ez duela justizia ematen berme guztiekin; prozesu honen muinean politika dago, eskarmentua. Eta politika eta eskarmentu horiek oinarrizko eskubideak zapaltzen dituzte, adierazpen-askatasuna, esate baterako, biltzeko askatasuna eta manifestatzeko askatasuna. Prozesua hau eraso bat da parlamentarismo demokratikoaren funtsezko zutabeen aurka.

Prozesamendu-egintza oso kezkagarria den zorroztasun falta erakusten du. Kontseilari gisa leporatzen zaizkidan jarduketa batzuk kontseilari ez nintzen garaikoak dira. Txio eta adierazpen batzuk ez datoz bat egozten zaizkien egunarekin ezta notiziekin ere.

Sekula ikusi gabeko partzialtasuna dago. Guztiz partzialak diren Guardia Zibilaren txostenetan oinarritzen dira, neurriz egindako prozesamendu-egintzaren zerbitzura sortuak, matxinada justifikatzen dutenak legez babestuta dauden gertaeretan. Gertaera normalak eta ohikoak; esaterako, talde parlamentarioen eta alderdi politikoen arteko bilerak, posizio politikoak edo Gobernu Zentralari egindako kritikak azaltzeko ekintzak, hitzaldiak edo mitin politikoak.

Dena den, agertzen dena bezain partziala da agertzen ez dena, ikaragarria. Milaka adierazpen Estatuarekiko elkarrizketaren eta itunaren alde.

Bakezaletasunaren aldeko deiak, manifestazio jendetsu eta baketsuak bat ere istilurik gabe. Horren albisterik ez da agertzen. Ez da aipatzen ere U-1ean egindako eskaerez, jendea poliziarik ez zegoen tokietara joan zedin boto ematera, ez eta zentsu unibertsalaz ere. Aipamenik ez poliziaren biolentziaz; munduko komunikabide guztiek salatu zuten, baina hemen ezta lerro bat ere. Nioen moduan, zorroztasun falta eta partzialtasuna. Ez da iritzi bat, zuzeneko konstatazioa da.

Hori guztia, izatez, larria eta bidegabea bada,

niretzat larriena da bizitzen ari garen botere-gurutzaketa. Ja ez da botere-banaketa, botere-gurutzaketa baizik. Zuen erabakiekin eta zeuk idazten duzunarekin, epaile jauna, esaten ari zara nolakoa izan behar duen eta, batez ere, norekin eraiki behar den Kataluniako etorkizun politiko eta instituzionala. Holakoxe larria, holakoxe egia. Gure espetxeratzea justifikatzen duzu “autogobernura itzultzeko modu egokia bermatzeko” . Eta nik galdetzen dut: zure eskumena al da “autogobernura itzultzeko modu egokia bermatzea”? Zer da, zure iritziz, “egokia”? Ez al da egokia herritarrek bozkatzen dutena? Ez al da egokia bozkatzen duten hautagaia? Ez al da egokia Kataluniako Parlamentuko diputatuek libreki bozkatzea erabakitzen dutena?

Kartzela barruan galdetu izan diot neure buruari zer aldatu

den abenduaren 4tik, behin-behineko askatasuna eman baitzidaten, martxoaren 23ra bitartean, berriz ere kartzelaratu baininduten. Zer egin dugu? Urratu egin al dut epaitegira astero joateko betekizuna? Ez. Eman al du botoa Parlamentuan Konstituzio Auzitegiak debekatzen duen zerbaiten alde? Ez. Saiatu al naiz ez agertzen agertzeko eskatu izan didatenean? Ez. Zer berritasunek eragin ote didate? Zer gertaera objektibok? Bada hiru gertaera berrik. Lehenengoa: ez diot uko egin nire jarduera politikoari eta Parlamentuko diputatu aukeratua izan naiz. Bigarrena: gehiengo independentista berri bat gertatu da. Hirugarrena: presidente izateko hautagai proposatu niinduten eta lehendabiziko inbestidura-eztabaida egin nuen.

Prozesamendu-egintza presaka etorri zen, lehen debatearen eta bigarrenaren artean. Kasualitatea? Komunikabide guztiek argitaratu zuten Jordi Sànchez inbestitzen saiatu eta gero ni izango nintzela hurrengo presidentegaia. Zure zitazioa 48/72 orduren buruan egitekoa zen, eta kartzelaratzeko agindua eman zenuen. Kartzelara behin-behieneko askatasunean utzi zenituen guztientzat? Ez. Bakarrik jarduera politiko aktiboari uko egin ez diogunontzat, diputatuontzat.

Zuk, epaile jaun horrek, debekatu zenidan bigarren inbestidura-saioan parte hartzea

eta bozkatua izatea, hain zuzen, presidente egin nintzakeen bozketan parte hartzea. Parlamentuan konpromisoa adierazi nuen elkarrizketa etapa bati ekiteko, elkarrizketa eta elkarrizketa. Eta konpromiso horrek ez al du bermatzen, zure iritziz, Katalunian “autogobernua itzultzeko modu egokia”? Ba al zegoen nire inbestidurako hitzaldian elementurik, baieztapenik edo proposamenik pentsarazi zezakeenik “delitu-errepikapen hipotetikorik” egon zitekeela? Ez, inola ere ez. Eta oraintxe iritsi gara zure arrazoibide berriena, sublimeena eta apurtzailena ikustera. Zure arrazoibidea niri inbestiduea-saioan parte hartzen ez uzteko eta berriz kartzelara bidaltzeko. Zuk idatzi zenuen nire “barne-esfera psikologikoak” ez zuela bermatzen “instruktore honen erabakiak errespetatuko direnik”, hau da, zure erabakiak. Zuk ba al duzu, epaile jauna, txosten forentserik nire barne-esfera psikologikoan sartu eta baieztapen horiek sostengatzen dituenik? Ez dut gogoan azterketa psikologikorik pasa izana, Horrelako analisi eta ondorioek zientziaren oinarria behar dute. Mesedez eskatzen dizut txostena erakusteko. Zeren gaur arte ez dut urratu nire behin-behineko askatasunaren inguruko bat ere baldintzarik.

Zuk, gainera, adierazten eta idazten duzunean nork bere burua errugabe deklaratzea zigortu egin behar dela, zigortu egiten bainauzu neure burua errugabe deklaratzeagatik, beste berritasun garrantzitsu bat izango litzateke Espainiako sistema penalean. Baina, noski, aldaketa errotiko hau legegileei dagokie, ez zuri!

Zuk nire eskubide politikoak urratu dituzu

bigarren inbestidura-saioa egitea debekatu didazunean. Eta, nire eskubidea urratzeaz gainera, urratu duzu halaber diputatuek presidentea hautatzeko duten eskubidea, eskubide osoko Parlamentuko diputatuen artean bozkatuta. Nola haiek bozkatu nahi zituztenak zure gusturako ez baitzuten bermatzen “autogobernuaren itzulera egokia”, kendu egin dizkiezu haien eskubideak. Lehenengo aldia da epaile batek erabakitzen duena zein diputatu izan daitekeen presidentegai eta zein ez. Orain arte, Parlamentuko presidentearen eskumena zen, talde parlamentarioen proposamenez. Politika egin behar lukeenak, Espainiako Gobernuak, jakinarazten digu noiz, nola eta zergatik epaituko eta kondenatuko gaituzten. Eta justizia eman behar lukeena da erabakitzen duena nola eta noren esku itzuli behar duen autogobernuak Kataluniara. Benetako botere-gurutzaketa bat.

Hiru hilabete baino ez naiz izan Gobernuko kide. Ohore handi bat.

Gobernuak erreferendum bat egitea erabaki zuen, bai. Espresuki despenalizatuta dagoen gertaera bat, delitu penala ez dena. Urte askotan izan naiz, eta banaiz, Kataluniako Parlamentuko diputatu. Ohore handi bat ere bai. Kataluniako Autonomia Estatutuak, zeina Estatuaren lege organikoa baita, dio diputatuak ezin bortxatuzkoak garela geure iritzietan eta botoetan. Instrukzio honek ez ditu aintzat hartu elementu horiek; are gehiago, ez ikusiarena egiten die edo haien kontra egiten du. Ez dago deus kausa honetan, deus ere ez, matxinada-delitu batean parte hartu dudala sostengatzen duenik. Deus ez. Eta kartzelan nago. Ez dakit espetxera sartu nintzenean, azaroan, preso politikoa nintzen, baina martxotik aurrera, esan dizudan eta arrazoitu dizudan guztiarengatik, zuk preso politiko bihurtu nauzu. Nola ez baitut zure iritzian bermatzen autogobernuaren itzulera egoki bat eta presidente izan baininteke, kartzelara bidali nauzu.

Bidegabekeria eta eskarmentu honek bilatzen badu nik nire ideal politikoei uko egitea -zeinak beti izan baitira bakezaleak eta demokratikoak-

eta herritarrekin ditudan konpromisoei uko egitea, jada esaten dizut ez dudala hori egingo. Nahi dutena baldin bada independentista izateari uko egitea, ez dut hori egingo. Nahiago dut bidegabekeria larri hau jasan, niretzat eta familiarentzat krudela izanagatik ere, ezen ez nire konbikzioei eta idealei uko egitea, lege guztiek babesten bainaute haiek defendatzeko. Epaile jauna, ez diot jaramon egingo politika eta nire Kataluniarekiko konpromisoa alde batera uzteko egiten didazun gonbidapen sotilari. Horrela ez da konponduko Katalunian dagoen gatazka politikoa. Konponduko da politikariek politika egiten badute. Eta elkarrizketaren bidez ere bai; hain zuzen ere, horixe proposatzen ari nintzen Parlamentuan zuk eten ninduzunean kartzekara bidaliz.

Epaile jauna, egizu gogoeta nireganako salaketari buruz.

Larria bezain bidegabea da, bai niretzat bai nire kideentzat ere. Eta kautelazko neurriak ere bai, bidegabeak eta neurriz kanpokoak baitira. Hori guztia birplanteatzea izango litzateke, ez dudarik izan, Kataluniara autogobernuaren itzulera lasai eta egoki baten bermerik onena. Zeren Estatuarekiko elkarrizketa aldi baten hasiera izan baliteke, zazpi milioi eta erdi katalanek eskertuko uketena, haien onurarako izango litzateke eta.

 

(Argazkia: REUTERS. Jordi Turull, pentsakor, Generalitateko presidente gisa inbestitzeko lehen saioan, duela hilabete justu.)

Deskargatu pdf Iturri originala

Facebooktwitterredditlinkedintumblr

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*