GOBERNUA OSATZEKO EKITALDIKO HITZALDIA

Quim Torra, Kataluniako Generalitatearen Presidentea, gobernua osatzeko ekitaldiko hitzaldia

2018ko ekainaren 3a, Palau de la Generalitat. Bartzelona (Katalunia)

Agintari estimatuak, lagun maiteak, Carles Puigdemont presidentearen senideak, Oriol Junqueras presidenteordeordearenak, Carmen Forcadell presidentearenak, Jordi Turull kontseilariarenak, Raül Romeva kontseilariarenak, Joaquim Forn kontseilariarenak, Clara Ponsatí kontseilariarenak, Toni Comín kontseilariarenak, Josep Rull kontseilariarenak, Lluis Puig kontseilariarenak,. Dolors Bassa kontseilariarenak, Meritxell Serret zinegotziarenak, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiarenak, Anna Gabriel CUPeko diputatuarenak, Jordi Sánchez Junts per Catalunyako diputatuarenak eta Jordi Cuixart Òmnium-eko lehendakariarenak.

Jabetza hartu berri duen gobernu hau zorretan dago gure lankide maiteen lanarekin, sakrifizioarekin eta beren konpromisoen aurrean erakutsi duten fideltasunarekin. Kartzelan edo erbestean, haien eredua gure indarra da. Haiek egindako bidea guretzat pizgarria da. Eta haien askatasuna eta etxera itzultzea da gure helburu nagusia. Ikusi duzue guztiak aipatu ditudala demokraziaren eta Kataluniako erakundeen aurkako kolpe baten ondorioz kanporatu eta auziperatu zituztenean zeuzkaten karguen izenekin.

Gure konpromisoa da haiek lehengoratzea. Gure borondatea da haien lanarekiko eta lidergo etiko eta politikoarekiko leialtasunez gure erantzukizuna betetzea.

Zuek, senideok eta lagunok, inor baino gehiago ari zarete ordaintzen  demokraziaren, eskubide zibilen eta askatasun politikoen aurka jarrera intolerantea erakutsi duen estatu baten errepresioa. Etxetik urrun, zuengandik urrun, seme-alabengandik urrun, presoak eta erbesteratuak itsasargi bat dira gobernu honentzat eta Kataluniako gehiengoarentzat. Baina, halaber, Europa osoari begiak irekiarazten dizkion eredua dira.

Gobernuak bere gain hartzen du aurrera egiteko urriaren 1eko autodeterminazioari buruzko erreferendumeko aginduaren arabera, hau da, errepublika moduan antolaturiko estatu independentea. Abenduaren 21eko hauteskundeetan berretsitako agindua. Ez da bide erraza izango. Oso interes boteretsuak daude horren aurka. Dagoeneko ikusi dugu, eta hainbat adibide eta testigantza ditugu.

Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet presidenteordeari eta kontseilariei kargua onartzean erakutsi duten kemena eta prestutasunagatik. Gurea izango da erantzukizuna, ez beste inorena. Eskerrik asko.

Zorionekoak gara Kataluniako herritarren ordezkariak izateagatik, erakutsi baitute gurea herri heldua dela, bere etorkizunari buruzko erabakiak modu baketsu, lasai eta demokratikoan hartu nahi dituena; irribarrea eta heziketa ona galdu gabe.

Atzo, 8 hilabete bete ziren urriaren bateko hauteslekuetan hautestontziak babesteko erresistentzia gogor -eta mingarria ere bai- bizi izan genuenetik. Konpromiso zibikoa eta eskuzabaltasuna erakutsi zituen ekintza izan zen, harrotasunez betetzen gaituena. Herri honi zerbitzatzeko duintasuna behar dugu; Kataluniako herri osoari. Guztiontzako gobernu bat izango gara. Guztiontzako gobernua gara.

Errepublika izateko agindua dugu.

Eta agindu bat dugu, baita ere, tinko eta gure ahalegin guztiekin herritarren zerbitzura jarduteko, 7 milioi eta erdi katalanen zerbitzura, justizia sozial gehiago merezi baitute, ongizatea, aberastasunaren banaketa efikazagoa eta kalitate goreneko arreta publikoa lortzeko. Guztientzat aukerak sortzea, ahulenak laguntzea eta babestea, boteretsuenen gehiegikerien aurka eta, azken finean, aurrerapen ekonomiko eta sozial handiko programa, garaiak eskatzen duen neurrian; hauek dira ohore handiz nire aginduan dagoen gobernuak dituen konpromisoak.

Elkarrizketarako borondate argia eskatzen duten konpromisoak dira. Ezinbesteko elkarrizketa, mundu zibilizatuan gatazkak konpontzeko erabiltzen den modua hori baita. Inbestidura-hitzaldietatik hona egin ditudan esku-hartze publiko guztietan errepikatu dut, eta inoiz baino indar gehiago egiten dut gaur.

Pedro Sánchez presidente jauna, hitz egin dezagun, elkarrizketa izan dezagun, arriskuak hartu, zuek eta guk. Mahai berean eseri eta gobernutik gobernura negoziatu dezagun. Bizi dugun egoera hori ezin da luzatu beste egun bakar batez ere.

Gobernu honek hartuko duen lehenengo erabakietako bat izango da Espainiako Gobernuak eskatuta Konstituzio Auzitegiak baliogabetu zituen izaera sozialaren legeak eta neurriak berreskuratzeko plan bat sortzea.

Errepublika guztiontzako eskubideak  -salbuespenik gabe- bermatzen dituen eredua izan behar da guretzat. Errepublika eraldaketa tresna gisa irudikatzen eta egituratzen aurrera egin behar dugu. Errepublikak ekarriko duen aldaketaren benetako motorra eskubide sozialak eta herritarren ongizatea izango dira. Hau izango da abian hasi den gobernuaren helburu nagusia. 

Gaur amaitzen da 155.a. Euforiarik gabe, oso urrun gaude-eta egon nahi genukeen tokitik. Ekintza-plana martxan jarriko dugu, Kataluniako etendura demokratiko honetan zehar hartutako erabakiak eta sortutako oztopoak bideratzeko. Aukera hau aprobetxatu nahi dut Generalitateko langileei gure herrialdeko herritarrei zerbitzu ona emateko erakutsi duten lan tinko eta saiatua eskertzeko.

Ez dut hitz hauek amaitzerik nahi, erreferendumaren egun historikoaren aurreko eta ondorengo jazarpen politikoaren ondorioak jasan dituzten pertsonengana zuzendu gabe. Maisu-maistrak, alkateak, zinegotziak, mekanikarik, musikariak, artistak, funtzionarioak, mossoak, suhiltzaileak, erakunde eta entitate zibikoetako kideak…

Eskerrik asko. Eskerrik asko zuen eskuzabaltasunagatik, zuen konpromisoagatik eta zuen kemenagatik.

Defenda ezazue irmoki beti zuen askatasuna. Zeren Kataluniako gobernua uneoro egongo baita zuen ondoan.

Begira dezagun aurrerantz guztiontzat etorkizun hobea eraikitzeko. Errepublika guztion etxea izango da eta denak etxean sentitu ahalko dira. Aurrera egin behar dugu etengabe, lasaitasunez eta irribarrez.

Montserrat Abellók, aurten haren mendeurrena ospatzen baitugu, bere olerki batean esan zuen:

«Nire garaiaz harro nago eta min egiten dit hura alferrik galtzeak.»

 

Lagunok, senti gaitezen denok harro gure garaiaz, eta ez dezagun alferrik galdu. Errepublikaren aldeko agindu demokratiko bat dugu, eta bete behar dugu. Presidenteordea, kontseilariak, ekin diezaiogun lanari.

Eskerrik asko.

Gora Katalunia askea!

Iturri originala (03/06/2018)

Facebooktwittergoogle_plusredditlinkedintumblr

Share this Post

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*