HERRI BAKAR BATEN GISA FAXISMOAREN AURKA

Quim Torra Generalitateko presidentearen artikulua azken egunotan izan diren eraso faxistak deitoratzeko.

Quim Torra:

Demokrazia, askatasuna eta zibilizazioa. Hitz horien esanahia oso garrantzitsua da, are gehiago orain, hitzen esanahiari buruzko auzian bizi ditugun gezur eta nahasmena kontuan izanda. Horixe da faxismoaren izaeraren parteetako bat’. Hau da Rob Riemenek funtsezkoa den Garai honi aurre egiteko bere liburuan egiten duen lehen hausnarketako bat. Hemen kokatzen da Katalunia eta gure erronka demokratikoa. Ez diogu soilik arlo publikoaren kontzepzio zaharkitu, monarkiko eta autoritarioari aurre egin behar, baizik eta gezurrari, jukutriari eta, are arriskutsuagoa dena, hitzen desitxuratzeari ere. Lengoaia boterea da eta hori kontrolatzen eta manipulatzen duena errealitatearen pertzepzioa aldarazteko gai da. Horren jakitun gara.

Azken hilabeteotan -eta azken asteotan ere esatera ausartuko nintzateke- eraso, mehatxu, larderia eta indarkeria faxistaren hazkunde nabaria sumatu dugu gure etxean. Norbanako agresibo talde batek preso politikoen eta exiliatuak etxera bueltatzearen alde ari diren aktibistak beldurrarazi nahi izan ditu. Kasu batzuetan gure herriko kaleetan begizta edo gurutze horiak jartzen ari ziren lagunak fisikoki erasotzera iritsi dira. Horietako kasu batzuen berri zuzena izateko aukera izan dut eta erasotuak izan diren guztiei nire sostengu eta elkartasuna adierazi nahi dizkiet. Indarkeria horrek, beste guztiek bezalaxe, amaitu beharra du eta guztiok deitoratu beharra dugu, inolako ñabardura edo oreka faltsurik gabe. Gure herri eta hirietan ezagutu diren faxismoaren oldartze kasu hauen aurrean, bere burua demokratatzat duen inor ezin da isilik geratu, ezta gertaera horien inguruko ñabardura edo justifikaziorik egin ere.

Polizia katalanak bere lana egin beharra du. Ez dugu eztabaida politikoaren erdigunean jarri behar. Ez da komenigarria, ezta estrategiarik egokiena ere, bere zeregina modu erangikorrean egitea nahi baldin badugu. Alta, oldartze aro honen aurrean prebentziozko neurriak hartu beharra du, erasoak aurreikusi eta zerbait gertatzen denean neurri aktiboak hartu. Erabat saihestu beharra dago euren aurpegia izkutatzen duten norbanako biolento eta intolerante horiek inolako inpunitate sentsaziorik izatea. Horretarako beharrezkoa da justiziak auzi horri eustea eta bere lehentasun nagusien artean jartzea.

Poliziaren eta justiziaren lan zorrotz eta eraginkorrarekin batera harresi demokratikoa eraiki behar dugu herri honen arlo politiko eta diskurtsiboan. Horren barne sartu behar ditugu hedabideak, iritzi sortzaileak eta arlo publikoan zereginen bat duen edonor. Azkenaldian azaleratu diren jarrera faxisten aurrean osasun-kordoia eraiki beharra dugu. Badakigu elementu batzuk beti egon direla hor eta eraso eta mehatxu kasuak aspaldikoak direla. Agerikoa da Estatu espainiarrak ez duela magma faxistaren garbiketarik egin eta trantsizioak ez zuela iraganarekin erabat amaitu.

Ezin dugu horrelakorik onartu. Ezin dugu sugearen arrautza ernaltzen utzi. Historiak eta esperientziak gako garbiak eman behar dizkigu modu honetako jarrerak onartzeak dituen arriskuari buruz. Ezin ditugu behin-behineko normaltasuntzat edo garrantzirik ez duen salbuespen txikitzat hartu. Alderdi politiko katalan eta espainiar guztiei talde faxista horiek independentisten aurka erabilitako indarkeria irmo sala dezatela eskatu nahi diet. Deitoratu dezatela eta inolako ñabardurarik gabe faxismoari aurre egin diezaiotela. Biolentoen aurrean irmo jokatzeko ez da independentista izan beharrik. Guztion ideien eta proiektu demokratikoaren onuraren izenean, jarrera horiek errotik moztu behar ditugu.

Inork, ez hemen ez mundua barna, ez du zalantzarik mugimendu independentista baketsua denik. Azken urte hauetan eredugarria izan da adierazi duen zintzotasun eta jokabide zuzena. Borroka politikoak zirrikiturik gabe adierazi behar du faxismoaren aurkako bere konpromisoa. Ezin dugu Kataluniako kaleetan azken alde honetan bizi izan ditugun jarrera biolentoen zuritze lanik onartu -nahiz eta zeharkakoa izan-.

Historiak eman dizkigun lekzioak direla-eta, gure zeregina eta konpromisoa dira faxismoaren aurkako borrokan aritzea. Katalunian eta edonon. Horrexegatik bereziki estimatzen ditugu Estatu espainiarreko demokraziaren aldeko borrokalari guztiak eta denon artean sekula hiltzen ez den lakra historiko honen aurka borroka egitera animatzen ditugu.

Govern honek duen adimen guztia indarrean jarriko du faxismoa geldiarazi eta gure kaleetatik desagerrarazteko. Polizia katalanak talde horien aurka ahalik eta eraginkortasunik handienarekin aritu beharra du. Horrez gain, aipatu talde horien eraso guztiak bilduko dituen faxismoaren aurkako behatoki independentea abian jarri beharra dago. Politiko guztiei, berdin dio zein kolorekoak diren, ñabardurarik gabe faxismoaren aurka dagoen lubaki demokratikoan kokatu daitezela galdatzen diegu. Azkenik, mundu guztiari, herritarrei, ahalik eta ardura gehien izatea eskatu nahi diet eta, arrisku kasuren batez ohartzen badira, polizia abisatu dezatela, horrelako egoeren aurrean profesionalak aritu daitezen. Beste hainbat kontutan bezalaxe, faxismoaren aurka herri bakarra izan beharra dugu. Aurrera!

 
Iturri originala – Vilaweb (04/08/2018)

Facebooktwittergoogle_plusredditlinkedintumblr

Share this Post

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*