ZEIN DA CIUTADANOS-EN IDIOLOGIA?

Ciudadanos eskuindarra da eta ez du jakin nahi

Albert Rivera ez da zentrokoa: honela eman du botoa Ciudadanos-ek Kongresuan eta Bartzelonako udalean

Zein da Ciudadanos-en ideologia? Albert Riveraren aldekoek sarritan esan dute haiek zentroko espazioa direla, eta, azken boladan, baita alderdi liberala osatzen dutela ere. Baina, ezkerretik, maiz, Ibex-35ek babestutako eskuinaren adierazpen berri bat direla salatzen dute. Zein da egia? CRÍTIC-ek alderdi laranjak Kongresuan, Kataluniako Parlamentuan eta Bartzelonako udalean egindako jarduera parlamentarioa fiskalizatu du. Ondorio nagusia: Kongresuan, 2016ko ekainetik, Riveraren alderdikoek 240 aldiz eman dute botoa Rajoy-ren alde, alegia, %75eko bat-etortzea. PPrekin bat etortzea ez da bakarrik gertatzen Kalalunia hizpide dela, baita lan alorrean ere, fiskalitatean edo pentsioenean. Eskuindarrekin dituzten elkarguneak askotarikoak dira halaber Parlamentuan eta Bartzelonako udalean. Datuen bidez azalduko dizuegu zein den Ciudadanos-en benetako profil ideologikoa.

Duela ia hiru urte, CRÍTIC-ek “Ciudadanos eskuindarra da eta ez du jakin nahi” izeneko artikulua argitaratu zuen, non aztertzen baitzen nola kokatu zen Parlamentuan alderdi berria, sortzetik beretik sozialdemokrata gisa aurkeztu zena. Azterketaren emaitzak garai hartan ez zuen duda izpirik uzten: alor sozialean, C´s-ek ia beti ematen zuen botoa eskuindar tradizionalen ildoan. Gaur egun, Albert Riverak gidatzen duen alderdiak badu ibilbide luzexeagoa egina, ez bakarrik Parlamanuan eta Bartzelonako udalean, baita Diputatuen Kongresuan ere, non Rivera kontsolidatu baita ustezko zentrismo espainiar baten erreferentziazko lider moduan. Baina… hala al da egiatan? Kongresuan Ciudadanos-ek dituen posizioek hori erakusten al dute?

Hori egiaztatzeko, CRÍTIC-ek sakon aztertu du Albert Riveraren alderdiak Diputatuen Kongresuan izan duen jarduna. Legegintzaldi honetan  —2016ko ekinean hasi zen—, ia 320 auzitan eman duten botoa. Haietarik, 240 aldiz, kasuen %72,5ean, Alderdi Popularrak bezalaxeko botoa eman dute. PPren eta PSOEren arteko bat-etortzeak, aldiz, ekimenen %60 izan dira. Bat-etortzeak %34,2 besterik ez dira Gobernuko alderdia eta Podem-En Comú Podem-En Marea talde konfederala konparatzen baditugu. Eta, gainera, Riveraren alderdiak 32 aldiz baino ez du eman Rajoy-renak ez bezalako botoa, hau da, gaien %10 doi-doi. Ciudadanos bihurtu da, neurri handi batean, Rajoy-k Kongresuan duen makulua. Grafiko honetan, adibide batzuk ikusten dira.

ZER BOTO EMAN DU CIUDADANOS-EK KONGRESUAN?

Zer boto eman du Ciudadanos-ek Kongresuan? / Infografia: Helena Olcina.

Independentismoaren aurka, PP baino gogorrago

Ciudadanos-en hurbilpena PPrenganatz argi ikusten da giltzarri diren gaietan haren posizioekin lerratzen denean. Kasu argiena Kataluniako prozesu independentistarekin loturikoa da. Adibide asko daude: 155. artikuluari emandako sostengua; legez besteko proposamena Estatuaren segurtasun-indarren lanari babesa eta sostengua emateko, edo U-1aren aurretixe aurkeztutako legez besteko proposamena “Katalunian zuzenbide-estatuaren defentsaren aldeko sostengu instituzionalari buruz”, zeina ez baitzen onartu, nahiz eta PPren babesa izan. Halaber lerratu da PP eta PSOErekin talde katalanen ekimenak errefusatzeko; esaterako, PDECat-eko Jordi Xuclà diputatuaren bi mozio, “Espainian justiziaren funtzionamenduaren krisi demokratikoari buruz” edo “Diàleg Operazioari buruz”. 2016ko abenduan, alderdi horiek berek orduko diputatu Francesc Homs-en mozio bat errefusatu zuten, zeinean eskatzen baitzuen erantzuna emateko hil batzuk lehenago Carles Puigdemont-ek Rajoyri egindako 46 eskaerari.

Fernández Díaz-en defentsan

Sozialistek eta Podem-ek ez bezala, C´s-ek ez zuen sinestu Jorge Fernández Díaz Barne Ministerioaren buru izan zen garaian martxan jarri zenik “Katalunia operazioa” izenekoa, ezta polizia-baliabideak eta agenteak erabili zirenik ere “helburu partidistekin”. Alderdiak bat egin du PPrekin Konstituzio Auzitegiaren defentsa akritikoan, eta, adibidez, 2016an kontrako botoa eman zuen erakunde horren erreforma espresa indargabetzeko bozketan, ahalmen exekutiboa eman baitzion.

PP eta Ciudadanos, eskola katalanaren ereduaren aurka

Ciudadanos saiatu da 155.aren aplikazioa aprobetxatzen eskola katalanaren aurka egin dadin bultzatzeko, hori baita haien borrokatoki nagusietako bat. Azaroaren 23an, “agentzia independente” bat sortzea planteatu zuen, eskolen hezkuntza-ikuskaritzaren zereginak bereganatuko lituzkeena, “doktrinamenduaren aurka” egiteko, batez ere. Proposamenak PPren babesa jaso zuen, baina Kongresuko gehiengoak ezezkoa eman zion, eta ez zuen aurrera egin; berdin gertatu zitzaion gobernatzen zuen alderdiari, ikastetxeen gaineko kontrola gogortzeko ekimena aurkeztu zuenean. BI aste lehenago, C´s-ek botoa eman zuen, PPrekin batera, eskola katalanaren eredua defendatzeko ERCk aurkezturiko mozio baten kontra.

EAEko itun ekonomikoaren aurka dagoen alderdi bakarra

Zentralismoa behin baino gehiagotan nabarmendu da; adibidez, EAEko itun ekonomikoa eta kupoa eguneratzeko legeen aurka botoa eman zuen Kongresuko lau talde handietatik bakarra gertatu zenean. Gogoratu behar da C´s-ek ez duela diputatu bakar bat ere Eusko Legebiltzarrean. 2016ko urrian, alderdi bakarra izan zen inbertsioa hobetzeari begira Valentziako autonomia-estatutua erreformatzeko tramitazioa balidatu ez zuena; eta bi hilabete geroago, Kanarietako estatutuaren erreforma errefusatu zuen, oraingoan Podem-ekin bakarrik lerratua.

Aurrekontuen aldeko sostengua eta lan-erreformaren defentsa

2018ko aurrekontuekin zer gertatzen den itxaroten dugun bitartean, momentuz Ciudadanos-ek beti eskaini dio bere laguntza Rajoyren gobernuari aurrekontuak onartzeko, bai eta “aurrekontuan egonkortasuna bermatzera” bideratutako arauei, orain gastuen sabaiari bezala. Bi alderdiak bat etorri dira baita ere zergak jaisteko, alegia, errenta txikienei kalte egiten dien akordioa. Horrelako auzi ekonomikoetan, PPk ia beti izan du PSOEren ezezkoa, eta Podemos-ena beti-beti.

Lan-kontuetan, C´s urrundu egiten da sindikatuen eskakizunetatik. Adibidez, 2016aren bukaeran, abstenitu egin zen PPren lan-erreforma polemikoa bertan behera uzteko PSOEk egindako proposamenaren aurrean —Rajoy jarduneko presidente izan zen legegintzaldian ere abstentitu egin zen Podemosen antzeko beste proposamen baten aurrean—. Estibaren dekretuari buruzko aldaketa polemikoan bai, haren alde eman zuen botoa, sektoreko langileekin gatazka handi bat piztu zuen hartan. Hilabete batzuk lehenago, ordea, ezezkoa eman zion sektore turistikoko pisuetako kamareroen lan-baldintzak hobetzeko Podemosek egindako proposamenari, hizkeran informalean “kelly-ak” deitutakoak.

Pentsioak hobetzearen aurka

2017an, C´s pentsio publiko duinak bermatzeko zenbait ekimenen kontra agertu zen, hala nola diru-sarrera txikiak dituzten 65 urtetik gorako alargunen pentsioak hobetzeko sozialistek aurkezturiko mozioaren kontra; Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsak amaitutakoan —jada gertatzen ari den moduan— prestazioek ez dutela erosteko ahalmena galduko bermatzeko hartu beharreko neurriei buruzko beste bat, edo “jasangarritasun-faktorea” deiturikoa eta pentsioan berbaloratzeko indizea bertan behera uzteko beste bat, praktikan ordainsariaren %25eko igoera ekarri dutenak, ia beti inflazioaren azpitik. Proposamen hauek guztiek ezkerreko alderdien babesa jaso zuten, PPren ezezkoa, eta C´s-en abstentzioa.

Errefuxiatuak eta pribatizazioa: PPrekin bat

Errefuxiatuak hartzeko Espainiako Gobernuak Europar Batasunarekin hitzartutako kuotak ez betetzeak Juan Ignacio Zoido Barne ministroarenganako eta Alfonso Dastis Kanpo ministroarenganako gaitzespena eragin zuen Kongresuan, urriaren amaieran. Bozketa Podemosek bultzatu zuen, eta C´s beste behin ere, aukeratu zuen abstentzioa eta Rajoyren gobernuari aurre ez egitea.

Riveraren alderdiak PPrekin bat egin zuen Podemos-ek zerbitzu publikoak eta osasunekoak pribatizatzeari buruz eta horrek sistema sanitarioaren jasangarritasunean duen eraginari buruzko mozio baten aurka. Iglesiasen alderdiaren beste ekimen batean, “uraren kudeaketaren ustelkeria gero eta handiagoari buruzkoan”, zeina lotuta baitzegoen zerbitzuaren “pribatizazioari”, Riveraren alderdiak erabaki zuen beste alde batera begiratzea, baina duela urtebete bai, “banku-polo publiko bat” -Bankiak, Mare Nostrum Bankua eta Kreditu Ofizialeko Institutuak eratua- sortzeko proposamena errefusatu zuen. C´s-ek ere ez dio botoa eman administrazio publikoaren eta enpresa pribatu handien arteko ate birakariak ezabatzeari, kasu horretan PSOErekin eta PPrekin bat eginez.

Frankismoaren sententziak ez baliogabetzea

Memoria historikoa da C´s-en titular gehien sortu dituen gaia, nagusiki frankismoa eta haren krimenak kondenatzeko dituen eragozpenak tarteko, CRÍTIC-i Sergi Picazok azaldu dion moduan. Eta oraingo legegiltzaldian hori ez da aldatu, zeren abstenitu egin baita Memoriaren Legea aldatzeko eta frankismoaren sententziak baliogabetzeko PDECat-ek aurkezturiko proposamen batean, edo Lluís Companys presidente katalanaren heriotza-kondena baiogabetzea espezifikoki ahalbidetzen zuen PSOEren beste batean. Bi kasuotan, proposamenak aurrera atera ziren, PPren kontrako botoa gorabehera.

Nazioarteko politika: preso politikoen askatzea… Venezuelan

Azkenik, nazioarteko gaiei dagokienez, esan liteke C´s dela esku-liburu neoliberalaren ikaslerik saiatuena, zeren bakarrik gelditu baita EBren eta bertako estatuen eta Kubaren arteko elkarrizketa eta kooperaziorako erabakia errefusatzen; zenbaitetan, PPrekin lerratu da CETA onartzeko lanean aurrera egiteko, EBren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko akordio polemikoa; PPrekin eta PSOErekin bat egin du Espainiaren eta Arabia Saudiaren arteko “defentsaren alorrean informazio sailkatuaren elkarrekiko babesa” balidatzeko, eta bi alderdi horiekin onartu du legez besteko proposamen bat “demokraziarekiko errespetua” eta “preso politikoen askapena” eskatzeko… Venezuelan.

Ciudadanos Parlamentuan (prozesutik hara)

Parlamentuko lehen indarra, A-21eko hauteskundeetan 36 diputatu lortu ondoren, Ciudadanos da, bigarren aldiz jarraian, Generalitateko Gobernuaren oposizioaren burua. Independentziaren aldeko prozesuak markatu duen azken legegintzaldian, Inés Arrimadasen taldeak gai nazionalari lotutako lege guztiak errefusatu ditu: Transitorietate Legea, Erreferendumaren Legea, prozesu konstituziogilearen azterketarako batzordearen ondorioak KAn inpugnatzea…

Zehazki, soilik eman die babesa —eta, kasu batzuetan, ez osoki— Parlamentuak azken legegintzaldian onartu zituen 26 legeetatik 11ri. C´s-ek errefusatu zituen, halaber, komunitate katalanaren kanpoko araudiak, Kataluniako Zerga Kodearena edo Zibersegurtasunari buruzko Agentziarena. Gainera. 2016ko eta 2017ko aurrekontuen kontra bozkatu zuen, eta haiekin loturiko neurri fiskal zenbaiten aurka ere, hala nola pertsona juridikoen aktibo ez-produktiboen gaineko zerga, zeinak Catalunya Sí Que es Pot taldearen babesa eta PSCren abstentzioa jaso baitzituen. PP izan zen ezekoaren aldeko talde bakarra. Alderdia abstenitu egin zen Laguntza sanitarioa unibertsalizatzeko Legean, helburu zuena Printzerriko herritar guztien arreta bermatzea, edozein dela haien egoera administratiboa, eta Junts pel Sí taldearen, PSCren eta CUPen botoak jaso zituena.

Aldiz, C´s-k Aldaketa klimatikoari buruzko Legea bezalako arauen alde egin zuen, kooperatibetako kreditu-atalei buruzkoa, merkataritza, zerbitzu eta azokei buruzkoa, kalamu-kontsumitzaileen elkarteei buruzkoa eta, Kongresuan ez bezala, epaiketa frankistak baliogabetzat deklaratzen dituen Legea. Babesa agertu zion halaber herritarren errentaren bermeari buruzko Legeari, aho batez aurrera egin zuena, egoitza-bazterketaren arriskuan dauden herritarren etxebizitzarako eskubidea babesteko neurrien Legeari, zati batean. Alderdiak ez zuen defendatu CUPen abusu bankarioaren lege-proposamenaren tramitazioak jarraitzea, eta kontrako botoa eman zuen Katalunian banka publikoa bultzatzeko ezkerra independentistaren alderdiak aurkezturiko mozioari.

Bartzelonako udala: hotelen erregulazioaren eta uraren gestio publikoaren kontrako jarrera

Bartzelonalko udalean, C´s-k aurpegi kontserbadoreena erakutsi du. Udalean alderdiak duen buruzagia Carina Mejías da, Parlamentuko PPren diputatu ohia. Nahiz eta ez izan berez tokiko auzia, Mejías-ek etengabe eraman du udal osoko bilkurara auzi nazionala, behin eta berriz errepikatuz Ada Colau independentismoaren “kolaboratzailea” dela.

Arlo sozialean, alderdi laranjak kontrako botoa eman du Colauren garaiko aurrekontu guztietan, eta kontrako jarrera agertu du Bartzelona AMAP Uraren gestio publikoaren aldeko udalen eta entitateen Kataluniako Elkartean sartzeko proposamenaren aurrean, zeina zerbitzua berriz udalen esku jartzearen aldekoa baita. Esku gogorra erakutsi du halaber higiezinen “legez kanpoko okupazioen” aurrean, eta horren errua zuzenean Ada Colauri egotzi dio etengabe; zibismoaren ordenantzako aldaketak baztertu ditu, zehapen batzuk beheratzen dituena, eta oso gogor azaldu da “manteroen” aferan. Gainera, abstenitu egin zen herritarren parte hartzeari buruzko araudi berrian, zeinak aukera emango baitu urtean multikontsulta bat egitea bai alderdiek bai auzoek egindako proposamenak bozkatzeko, eta kontrako jarrera agertu du Colauren gobernuaren bi proiektu gakoren aurrean: superretxadia eta ostatu turistikoak erregularizatzeko plana, PEUAT.

Azkenik, titularrak sortu ditu baita ere memoria historikoarekin loturiko gaietan. Zer dela eta? Abstentitu egin baitzen hiriaren ohorezko domina Rodolfo Martin Villa ministro ohi frankistari kentzeko osoko bilkuran; kontrako jarrera erakutsi baitzuen Erregina Errejentearen bilkura-aretoaren izena kendu eta Carles Pi i Sunyer jartzeko proposamenean (alkate errepublikanoaren omenez), eta Nou Barris-eko Llucmajor plaza izenaren ordez Errepublikaren plaza jartzeari.

 

Facebooktwittergoogle_plusredditlinkedintumblr

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>
*
*